Fundazioan


Santa Maria Katedralaren Fundazioaren, patronatua Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak eta Gasteizko Gotzaindegiak osatzen dute, eta 1999an sortu zen, tenplu gotikoa arkitektonikoki lehengoratu eta arlo soziokulturalean berreskuratzeko oinarrizko erraminta eta kudeaketa-tresna izan zedin, katedrala oso-osorik zaharberritzeko plan zuzentzailearen zuzentarauei helduta. Tenpluaren gainean egindako ikerketa-lan sakon eta zorrotzak, zorupearena eta ingurunearena barne, eraikuntzaren bilakaerari eta hiriari buruzko informazio aberats eta berria azaleratu du. Horrela, bada, agerian jarri eta indartu dira tenpluaren historia azaltzeko eta ulertzeko dituen ezaugarri apartak. Gainera, jarduera didaktiko eta kultural gisa planteatu denez, prozesu guztia, hala ikerketa-lanena nola zaharberritzearena, modu parte-hartzailean egiten ari da, “Obretan eta irekita” lemapean. Planteamendua oso tresna erabilgarria izaten ari da ondarea mantentzeko irizpideak eta teknikak dibulgatzeko unean.

Beraz, Santa Maria katedrala (eta inguruko eraikinak, aterpetxea, adibidez) zaharberritzeko lanek ez dute tenplu gotikoa arkitektonikoki soilik berreskuratu nahi: Aitzitik, proiektu oso bat izateagatik nabarmentzen da, eraikinari bere funtzio erlijiosoa itzultzeaz gainera, funtzio eta erabilera berriekin aberastuko duena, hala nola kulturarekin, museoarekin, turismoarekin, gizartearekin eta abarrekin lotutako erabilerekin. Funtzio eta erabilera berri horiek guztiek etorkizunean tenplua mantenduko dela ziurtatu eta bermatuko dute. Asmo handiko planteamendu hori pertseberantzia eta zorroztasun metodologiko handiarekin garatzen ari da eta dagoeneko eragin positiboak izan ditu oso bestelako arloetan, hala nola kulturan, zientzia-dibulgazioan, tokiko ekonomian, turismoan edo ingurunearen hirigintza-birsorkuntzan; izan ere, gune berriak sortu baititu hiritarrentzako.